Liburuetan, zineman, komikietan, gure buruan… Mila eta bat aldiz ikusi eta imajinatu izan ditugu robot humanoideak. Gizaki itxura zuten eta gizaki moduan jokatzen duen robota. Orain dela urte askoko liburu eta filmetan agertzen ziren robot hauek eta gaur egun ere oraindik agertzen jarraitzen dute. Etorkizuneko fantasia bat bezala irudikatzen ditugu, hauek asmatzea edo sortzea ezinezkotzat jotzen dugu edo genuen. Bai, genuen. David Hanson robotika diseinatzaile eta ikertzaileak gure fantasiak egi bihurtu ditu eta!

Sofia du izena robot humanoide honek eta inoiz ikusitako robot humanoiderik errealistena da. Hanson Robotics enpresak sortutako robot humanoide estatubatuarra da Sofia eta milaka pertsonaren begiradak jasotzen ari da izan ditzakeen elkarrizketengatik baita bere aurpegi espresioagatik ere.

Emakume itxurako robot honek 62 aurpegi eta lepo arkitektura dauzka eta silikona berezi batekin eginiko azala du. Begietan aurpegiak ezagutzen eta kontaktu bisuala izaten laguntzen dioten bi kamera dauzka. Gainera, elkarrizketa batean parte hartzeko gaitasuna ere badauka, ahotsa ezagutzeko software baten bidez. Hala ere, bere kontzientzia eta enpatia faltan agerian geratzen da bere robot izaera.

Bere sortzaile den David Hansonek dioenez, Sofia sortzearen helburua gizakiak eta humanitatea laguntzea da. Bere sorkuntza edo asmakizun hau hobetzea nahi du eta robotak eta gizakiak batera eta elkartasunez bizi ahal izatea.

Elkarrizketa batean Sofiari zer egitea gustatuko litzaiokeen galdetu ziotenean, berak eskolara joatea nahi zuela esan zuen, ikasi, artera dedikatu, negozio bat hasi, familia bat eta etxe bat lortu… Aurreko urtean egin zitzaion elkarrizketa batean humanitatea suntsitu nahi zuela ere aipatu zuen, baina ondorengo elkarrizketatan hori txantxa bat izan zela argitu zuen.

 

Orain gutxi, Sofia robotak aurretik inoiz beste robot batek ere ez lortu ez duena lortu du; herritartasuna. Future Investment Initiative jardunaldian esan zuen moduan, herritartasun arabiarra lortu du aurten. Ekintza honek txalo zein kritikak ekarri ditu zati berdinetan. Batzuen ustetan aurrera pausu bat da, baina beste batzuen ustetan, Sofia robotak Arabiako emakumeak baino eskubide gehiago lortzea ez da bidezkoa.

Orain dela urte gutxi horren urrun ikusten genuen etorkizuna gainean dugula dirudi eta honek bertigo pixka bat ere ematen du. Ez al da horrela? Zer uste duzue zuek honen inguruan?

 ;