Euskal Herriko gazte gehienok dakigu zein saio den Gu ta Gutarrak. Euskal Herriko kuadrila jatorrenaren bila ibili zen Julen Telleriak zuzendutako saioa eta mila algara eragin zizkigun denoi.

Asteburua aterpetxe batean igarotzen zuten kuadrila jatorrenean egon nahi zuten gazteek eta ondoren astean zehar Miramoneko platoan bertan gertatutakoak komentatzen zituzten, hainbat proba dibertigarrirekin tartekatuz. Edizio amaieran kuadrila jatorrenak bidai bat irabazten zuen. Maitasuna, laguntasuna, poza, ikara, negarrak… denentik ikusi genuen bertan. Arrakasta handia izan zuen, sei edizio arte luzatu zen zehazki: Gu ta Gutarrak 1, 2, 3, 4, 5 eta 3×2. Azken hau hiru fase ezberdinetan zatitu zuten eta aurten amaitu da, badirudi, betirako.

Baina ez larritu! EiTBk saio berria estreinatuko du laster, «Gure Kasa». Gu ta Gutarrak saioaren estiloan, gazte batzuen bizitza eta bizipenak ikusi ahal izango ditugu bertan, Saregileak izeneko kolaboratzaileekin eta talentu lehiaketekin tartekaturik. Berriro ere euskal saio batek gure iluntzeak alaituko dituela dirudi, gazteei zuzendutako eta gazteek egindako saio berri honekin.

Hasteko irrikitan gaude!