Gabonak gainean ditugu eta hauekin batera opariak erosteko buruhausteak. Goizean goiz esnatu eta zuhaitz azpian zure izena idatzita duen opari bat aurkitzeak izugarrizko ilusioa egiten du, baita paper eder horretan bildutako hori gustuko izateak ere.

Amari, aitari, anaiari, arrebari, lehengusuari, amonari, aitonari, osabari, izebari, lagun bati, bikoteari… mordo bat pertsonari egiten dizkiegu opariak. Opari hauek gogo eta ilusioz beterik egiten ditugun arren, askotan kosta egiten zaigu zer oparitu erabakitzea.

Arropaz beteriko armairuak dauzkagu, jokoz gainezka dauden kaxoiak, azken teknologiak… benetan zaila da opari berri bat okurritzea. Baina kasu hauetan, zer liburu bat baino hobe? Bai, azkenaldian e-book formatuko liburuak modan jarri dira, baina liburu hauek ezin dira ukitu, usaindu, sentitu. Nork ez du maite liburu berri baten usaina?

Horregatik, gaurkoan hemen dituzue euskarazko edo euskaraz aurki daitezkeen bost libururen gomendioak.

  1. Behi euskaldun baten memoriak – Bernardo Atxaga. Mo izeneko behi baten ikuspuntutik Euskal Herrian Guda Zibila nola bizi izan zen kontatuko digu 180 orrialdeko liburu motz honek. Gure historian barrena bizitzeko aukera paregabea da. [Erosi hemen]
  2. Hauts haietatik – Unai Villena. Oierren ahotik bere lagun Anderren bizitza ezagutuko dugu. Drogen gehiegikeria dela eta bere bizitzaren agintea galduko duen laguna. 2016an argitaratu zen 296 orrialdeko liburu hau intentsitate handiz idatzia dago eta lehenengo orrialdetik atzenengoraino harrapatuko zaitu. [Erosi hemen]
  3. Intimitatea – Hanif Kureishi (Itzulpena: Harkaitz Cano). Maletak prestatu, bikotea eta bi semeak etxean utzi eta alde egin baino lehenagoko gauean gure protagonistak bere bizitzari errepaso bat ematen dio. Ustez, bizitza arrakastatsua, baina zoriontsu egiten ez duen bizitza. Zergatik? Bikotearen intimitatea biluztuko du istorio gordin honek. [Erosi hemen]
  4. Soinujolearen semea – Bernardo Atxaga. Liburu honek idazlearen aurreko liburu guztiak hartzen ditu kontuan. Bertan Joseba eta David lagunen istorioa kontatuko digu, laguntasuna, nostalgia eta gure lurra atzean uztearen tristurari helduz. [Erosi hemen]
  5. Kolosala izango da – Joseba Sarrionandia. Liburu honetako protagonista 11 urteko ume bat da. 1936an kokatuta dago, Guda Zibilaren hasieran. Alzamiento Nazionaleko aita zuen haur baten begietatik biziko dugu oraingoan Guda. [Erosi hemen]

Milaka eta milaka liburutatik bost besterik ez dira hauek. Euskaraz ere goza dezakegu literaturaz eta maite dugun norbaiti Gabonak alaitzeko aukera bikaina izan daiteke.