Santa Ageda bezperan kantuan egiteko ohitura mantentzen dute oraindik Eskoriatza eta Aretxabaletako kintoek. Aurten ere, auzoz auzo eta etxez etxe kantuan ibiliko dira neska-mutil koadrilak.
Bertso berriak Eskoriatzan
Azkenengo urteetan, Jose Aranburuzabala Trankil-ek asmatutako hainbat bertso ikasi eta kantatu izan dituzte Eskoriatzako Santa Ageda neska-mutilek, baina aurten, berrikuntza moduan, moldaketa batzuk egin dizkiote Haizea eta Oihana Arana ahizpek.
Santa eskean aritzeko bi bertso berri eta bakarra agur moduan asmatu dituzte.
Santa eskean kantatzeko bertsoak
Usadioa galdu ez dadin
gure herri inguruan
Eskoriatzako kinto guztiok
gabiltza gogoz kantuan
hain egun seinalatuan
eskeko koplak ahuan
garai bateko arbaso zaharrek
egiten zuten moduan