Mingainak Dantzan

EUSKARAREN INGURUAN HAUSNARTZEKO AUKERA IZAN ZUTEN GAZTEEK

Joan den ostiralean, azaroak 9, egin zen Mingainak Dantzan ekimena Mondragon Unibertsitateko Aretxabaleta campusean, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek elkarlanean antolatuta. Aretxabaletako eta Eskoriatzako 240 gazte inguruk parte hartu zuten bertan mingainak euskaraz astintzen; Kurtzebarri eskolako eta Almeneko DBH 3. eta 4. mailako ikasleak izan ziren.

Lau txandatan banatuta, antzerkia, telebista, musika, aisialdia eta kirola izan zituzten berbagai, besteak beste. Gazteen artean euskararen erabilera sustatzea xede du ekimenak eta gai horien bueltan hitz egiteko euskaraz astindu zituzten mingainak gaztetxoek. Euskarak beraien egunerokoan duen presentziaz hausnarketa egiteko ere balio izan zien ariketak.

Kultura eta kiroleko ezagunak

Kirolean, musikan eta antzerkian ezagunak diren hiru lagunek egin zizkieten galderak parte-hartzaileei: Aitziber Garmendia aktoreak, Josu Ximun Billelabeitia musikariak (Belako) eta Markel Irizar txirrindulariak.

Euskaraz, aukera gutxi

Gazteen artean gaztelaniaz asko egiten dela aipatu zuten parte-hartzaileek eta gehienetan euskaraz egiten dutenek ere, lagunen bat gaztelaniaz hasiz gero, elkarrizketa gaztelaniaz bukatzeko joera dutela. Bestalde, kontsumitzen duten musika eta ikus-entzunezko gehienak gaztelaniaz edo ingelesez direla aipatu zuten gehienek. Izan ere, esan zutenez, euskaraz baino aukera handiagoa dute beste hizkuntza batzuetan eta euskarazko edukiek ez dituzte gehiegi erakartzen.

Dena dela, ez dute euskararik gabeko etorkizunik irudikatzen. Gutxiengo batena izango dela, baina euskarak iraungo duela aipatu zuten.

Zozketa

Mingainak Dantzan ekimenak sareetan ere oihartzuna izatea nahi da. Horretarako, #MingainakDantzan zozketa egingo da. Abenduaren 3ra (Euskararen Eguna) bitartean Instagramen #MingainakDantzan hashtag-arekin argazkia igo eta @MingainakDantzan kontua jarraitzen dutenen artean bluetooth bozgorailu bat zozketatuko da.

Mingainak Dantzan

Author Mingainak Dantzan

More posts by Mingainak Dantzan

Leave a Reply

*