Irailean sartu gara jada eta egun gutxitan berriro ere errutinara itzultzeko garaia izango da. Atzean utzi ditugu oporrak, eguraldi ona, hondartza egunak eta gau luzeak. Ezin ukatu Iraila urteko hilabete gogorrenetariko bat dela; bigarren urte hasiera deitzen diote batzuk. Berriro ere urte hasieran bete ez ditugun helburuak betetzen saiatzeko bigarren aukera da Iraila, kurtso berria hasteko, aurpegia garbitzeko. Uda zoragarri bat amaitzen zaigu eta erronkaz beteriko kurtso bat geratzen zaigu aurretik.

Baina uda behar den moduan disfrutatzeko, Gabonak gogoz hartzeko eta zubiak desioz itxaroteko Iraila beharrezkoa da. Gainera, ez gaitezen negatibo izan, Irailak bere gauza onak ere baditu! Uda guztian zehar ikusi ez dituzun lagun horiek berriro ikusteko garaia da, eskolako material berria estreinatzeko garaia, asteburuak gogoz hartzeko garaia, pintxopoteak topera disfrutatzekoa.

Nahi duzuena esango duzue, baina eskolako material berria estreinatzea gozamen bat da. Koaderno berriak, liburu berrien usaina, estutxe garbi bat eta batez ere, agenda. Urtean zehar horren abandonatuta izaten dugun agenda hori hasiera batean altxor bat da. Kurtsoa hasi baino lehen izena idazten diogu, ahalik eta letra txukunenean. Urtea aurrera doala honek aspertu egiten gaitu, baina tira, Iraileko ilusio hori polita da.

Hala ere, badakigu berriro ere eskolara itzultzea ez dela gehienon gustuko, beraz itzulera hau arinagoa izan dadin, eskolatik irtetean ikusteko hainbat film gomendatzen dizkizuegu, Irail hau estreinaldiz josita dator eta!

Irailak 7: La monja (beldurra/thriller)

Errumaniako abadia bateko klausura monja batek bere buruaz beste egiten du. Gertakizun hau ikertzeko Vatikanoak iragan zail bat izan duen apaiz bat eta bere botoak hartzeko puntuan dagoen nobizia bat bidaltzen ditu bertara. Elkarrekin ordenaren sekretu ezkutua deskubrituko dute… Beraien bizitza, fedea eta arima arriskatuko dituzte deabruak hartutako eta “Expediente Warren”-eko publikoa izutu zueneko monjari aurre egiten. Abadia bizidun eta kondenatuen arteko gudu-zelaia bihurtuko da.

Irailak 14: Predator (akzioa/abentura)

Espazio zabaleko barren barrenetik kanpoaldeko hiri txiki bateko kaleetaraino. Beste espezie batzuetako DNA erabiliz beraien gaitasunak hobetuz, unibertsoko ehiztari hilgarrienak gogorragoak, azkarragoak eta hilgarriagoak dira. Mutiko batek nahi gabe beraien lurrera itzulketa aktibatzen duenean, erretiratutako soldadu eta zientzietako irakasle batek besterik ezin die egin aurre.

Irailak 14: Contigo no, bicho (komedia)

Victor, Rubio, Charly eta Berni bideojokoetan eta nesketan besterik pentsatzen ez duten institutuko ikasleak dira. Victorrek bere birjintasuna galtzea lortzen duenean, beste hirurak beraien zortea aldatzea erabakitzen dute. Asteburu pasa joango dira, helburu bakar batekin: birjintasuna galdu edo bidean hiltzea. Munduko askatasun guztia izango dute bidai honetan, inori inolako azalpenik eman beharrik gabe, patua aurretik eta akatsen poltsa oraindik hutsik.

Irailak 28: Oreina (drama)

Koldo Almandozen euskarazko filma da. Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora

Mingainak Dantzan

Author Mingainak Dantzan

More posts by Mingainak Dantzan

Leave a Reply

*